ENEDIko kideek Tokiko energia-trantsizio baterako erronkak eta aukerak kurtsoa antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) udako ikastaroen barruan. Ikastaroa ekainaren 26 eta 27an izango da, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

Informazio gehiago eta matrikula hemen:

https://www.uik.eus/es/curso/retos-oportunidades-una-transicion-energetica-local-ii

Azalpena

Gaur egun, tokiko eragileek (tokiko Administrazioa, elkarteak, etab.) kezka handia dute trantsizio energetiko justu eta demokratikoa garatzeko moduari buruz. Aldi berean, Europar Batasuna eta beste erakunde batzuk tokian tokiko trantsizioaren garapenean jartzen ari dira arreta, bidezkoa eta demokratikoa izango den trantsizio energetikoa gauzatzeko, herritarren benetako beharrei erantzun nahian. Alkatetzen Ituna edo energia komunitateak bultzatzea bezalako ekimenek argi eta garbi erakusten dute trantsizio energetikoa oinarritik garatzeak duen garrantzia, erkidego bakoitzaren errealitatea kontuan hartuta.

Proposatutako Uda Ikastaro honek tokian tokiko kezkei erantzun nahi die, trantsizio hori benetan bidezkoa eta demokratikoa izan dadin azpimarratu behar diren elementu zehatzak aztertuz. Iazko Uda Ikastaroetan, trantsizio energetikoaren funtsezko hiru alderditan sakondu zen, hala nola tokiko erakunde eta elkarteek trantsizio energetikoan aurrera egiteko aurkitzen dituzten oztopo legal, tekniko eta finantzarioetan. Oraingo honetan, garrantzi handiko beste hiru alderditan sakondu nahi da: gazteek trantsizio prozesuetan duten parte-hartzea, genero ikuspegia, eta energia-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsonak trantsizio energetikoan sartzea. Hiru alderdi horiek lantzen hasiak dira trantsizio energetiko lokal, justu eta demokratiko baten beharraz hitz egiten denean, baina oraindik azterketa sakon bat behar dute.

Helburuak

Tokiko trantsizio energetikoaren inguruko esperientziak eta ezagutza partekatzea.

Tokiko trantsizio energetikoaren erronkak eta aukerak aztertzea.

Trantsizio energetikoan herritarren parte-hartzea sustatzea.